Saltar la navegación

Ayuntamiento de la Anteiglesia de Abadiño

Parque Natural de Urkiola · Ayuntamiento de Abadiño

Situación


Menú principal


Sarrera

Urkiola Parke Naturaleko flora

Udagoiena Urkiolan. Urkiola Parke Naturaleko tapiz begetala baso autoktonoek, oihaneztapenek, larreek eta harkaiztegiek eratzen dute

Urkiolako paisaia, kareharrizko tontor malkartsuek bakarrik moztutako landaretza mantu zabal batek estalita dago. Parkeko landaredia landare-talde ezberdinek eraturik dago, eta horien artean, daukaten garrantziagatik, basoak nabarmentzen dira (3.200 hektarea). Baso masa guztiaren erdia baino gehiago (1.689 hektarea) berezko pagadi, artadi, harizti, urkidi eta ameztiek osatzen dute; gainerakoek, gehien bat, konifera-sailak dira. Basoez gain, Urkiolako paisaiako elementu bereizgarrienetako bat mendi-larredia da; baina ez da bakarra, zeren tontor harkaiztsuetan eta erreka eta urtegietako heze guneetan landare berezien kopuru handi batek egiten baitu aurrera.

Parkeko flora kasik 700 espeziek osatzen dute eta horietako bakoitzak bere habitat hoberena dauka hazteko. Landare horietako asko giro-baldintza antzekoetan biltzen dira eta erraz identifikatzen diren landare taldeak eratzen dituzte. Pagadia, esate baterako, Urkiolako baso zabalenetariko bat da eta 600 metrotik gora aurkitzen da ia beti, hantxe ematen direlako pagoak eta bere flora lagunkideak behar duten hezetasun baldintzak.

Inguru hartako klima fresko eta euritsuak, lurzoru mota ezberdinek (harkaiztsuak, elikagarrietan aberatsak, etab.) eta mendietako erliebe maldatsuek eragin zuzena daukate landaredian, baina kontuan izan beharreko faktore bakarrak ez dira horiek, landareen banaketa ulertu gura badugu behintzat. Faktore horiekin batera, garrantzi izugarria daukate Lurraren historian gertatu diren klima aldaketek eta plaka tektonikoen mugimenduek eta, halaber, gizakiak eta bere inguruneak azken milurtekoetan zehar izan duten elkarreraginak ere.

Urkiola Parke Naturalean ikusten dugun landaredia ez da izan beti gaurkoa bezalakoa. Erraza da horretaz konturatzea, asmatzen badugu duela 500 urte hemengo mendietan ez zela egon ez pinurik ez alartzerik ez altzifrerik; horiek inguruko biztanleek zura eskuratzeko landatu zituzten eta gaur egun hedadura handiak estaltzen dituzte eta landare-paisaiaren zati garrantzitsu bat dira. Giza presentzia ere islaturik geratzen da Saibi eta Urkiolagirreko pagadietan, oraindik bizi baitira garai batean Urkiolako ikazkinei zura hornitzen zieten ehun urtetik gorako pago motzak. Gaurko landaredia, bada, aldaketa historikoen prozesu luze baten islapena eta produktua da.

Aldazitalako pago motzak, Urkiolako mendatetik hur. Pago horien egurra aberastasun iturri handia izan zen Urkiolako ikazkinentzat XX mende erdira arte.

2006 - 2007 © Abadiño Elizateko Udala - Eskubide guztiak erreserbatuta