Situación
Menú principal
Parkearen helburuetariko bat jendea erakartzea da, guneak dituen balio tradizionalak eta halaber paisai, kultur eta natur ikuspuntutik interesgarriak aurkitzea errazten duten dibulgazio eta sentsibilizazio jarduera mordo bat eginda eta, era berean, Parkearen izaera zainduta. Horretarako, interesa duten guztiei irekita dauden jarduerak burutzen dira aldiro eta sei hilez behin Urkiola Aldizkaria argitaratzen da, jendearengana, oro har, heltzeko komunikazio-bide legez erabiltzen dena. Gainera 2000 urtean “Urkiolako Lagunak” taldea sortu zen, Parkearen interesa duten 600 lagunek baino gehiagok osatua. Lagun horiek aldiro antolatutako jarduerei buruzko informazio zehatza hartzen dute eta horietako askok aktiboki hartzen du parte jarduera horietan.
Urtean zehar burutzen diren jardueratariko batzuk hauek dira:
-Hitzaldiak eta jardunaldiak
Udaberrian eta udazkenean Letona Korta baserrian hitzaldi ezberdinak ematen dira eta Parkearekin zerikusi duten gaiei buruzko jardunaldiak egiten (hegazti harrapariak, sendabelarrak, mikologia, etab.).
-Gidaridun ibilaldiak
Urtean zehar gidaridun hainbat txango egiten dira Parkeko balio naturalak eta kulturalak ezagutarazteko. Antolatzen dira hala jende guztientzat egokiak diren interpretaziozko ibilaldiak nola prestakuntza fisiko hobea behar duten ibilaldi menditsuagoak. Aldizka eta Matienako Espeleologia Taldearekin lankidetzan (MAET), zenbait bisita egin dira Urkiolako koba interesgarrienetara.
-Zuhaitzaren eguna
Zuhaitzaren eguna, Urkiolako jardueren egutegian seinalaturiko data bat da, baso autoktonoen berreskurapena eta jendearen, bereziki gazteen, sentsibilizazioa bat egiten dituelako. Jarduera hori, Parkeak bilatzen dituen kontserbazio, dibulgazio eta sentsibilizazio helburuen baitan kokatzen da. Gaur arte Abadiñoko Udalarekin eta ikastetxeekin lankidetzan garatu izan da. Urtero Lehen Mailako 100 eskola-ume inguruk hartzen du parte eta zuhaitz-landare ugari landatzen dute Urkiola mendatearen inguruetan. Etorkizunari begira eskualdeko gainerako udalekin antzeko lankidetzetara heldu gura da.
-Irekitako atedun jardunaldia
Irekitako atedun jardunaldiak hezkuntza eta sentsibilizazio jarduerak, Parkearen kudeaketa eta, era berean, instalazio nagusienetariko batzuk ere (Toki Alai Interpretazio Zentroa eta Letona Korta baserria) ezagutzera emateko balio izaten du. Aukeratutako hila ekaina da eta egun horretan etorri ohi den jende mordoak Urkiola Parke Naturala gutxitan ohitzen den ikuspegitik ezagutzeko aukera izaten du.
-Boluntarioen programak
Boluntarioen programak parkeko kontserbazio eta sentsibilizazio jardueretan lehenengo mailako jarduera bat dira. Jende guztiari irekita egoten diren arren, Urkiolako Lagunak taldeari batez ere zuzenduta daude. Programak urtero aldatzen dira eta martxan ipini zirenetik jarduera guztiz ezberdinak burutu dira: Urkiolako bidezidorretako seinaleen berrikusketa, arriskuan dauden landareak kontserbatzeko azterlanak, habi kutxak jartzea, garbiketa jardunaldiak, etab.
-Urkiola Aldizkariaren argitalpena
2000 urtetik sei hilez behin argitaratzen da Urkiola Parke Naturaleko balio ezberdinak ezagutzera ematen dituen aldizkaria (martxoan eta irailean). Aldizkariak atal finkoak ditu, esaterako, jarduera programatuen egutegia, Parkeko ibilbideak edo kudeaketa. Lankidetza guztiei irekita dago eta tokiko jendearekin komunikatzeko baliabide garrantzitsua da, doan banatzen delako Parkeko udalerri guztietan.
2006 - 2007 © Abadiño Elizateko Udala - Eskubide guztiak erreserbatuta