Saltar la navegación

Ayuntamiento de la Anteiglesia de Abadiño

Parque Natural de Urkiola · Ayuntamiento de Abadiño

Situación


Menú principal


Landare taldeak

Sastrakak

Txilardia Saibiko maldetan. Txilardiak guztiz bereziak dira Urkiolako landaredian eta hainbat ginarra espeziek osatzen dute.

Naturalean espezie ezberdinek eraturiko hainbat sastraka aurki daitezke. Ugari-ugariak dira eta basoa moztu den lekuetan eta bertan behera utzitako larreetan agertu ohi dira. Espezie nagusia zein den kontuan hartuta, sastraka mota ezberdinak bereiz daiteke. Ginarra asko dagoenean txilardia eratzen da, otea nagusi denean otadia, iratzea nagusi denean iralekua eta arantzak edo elorriak nagusi direnean arantzadia, nahiz eta sarri tartekaturik agertu ohi diren.

Agerruneetan eta pagadi bazterretan esaterako, txilar zuriko txilardia ikus daiteke. Txilar garai honek talde zarratua eratzen du Saibi eta Urkiolagirreko iparraldeko maldetan. 600 metrotik beheragoko agerruneetan eta baso bazterretan, laharrek eta beste zuhaixka batzuek eraturiko sasitza jabetzen da lursailaz. Bertan behera utzitako larreetan batera ager daitezke iratze arrunta, otea eta zenbait ginarra espezie. Talde hori Saibin, Urkiolagirren, Pagozelain eta Zabalandiren eta Tellamendiren artean agertzen da.

Kareharrizko malda lehor eta eguzkitsuetan, artadiaren inguruan bereziki, otabera-sastraka agertzen da, esaterako Eskuagatx, Untzillatx eta Aitz-Txiki mendietan. Aipagarriak dira era berean Aramotz mendizerra harkaiztsuko arantzadiak ere, bertan fauna basatiaren elikadurarako garrantzi izugarria duten hainbat elorri zuri eta elorri beltz hazten baitira, aipatu zuhaixka horiek fruitu jangarriak ematen baitituzte.

Sastraketako espezie bereziak

Iparraldeko elorri zuria - Crataegus monogyna
Espino albar, majuelo

Hosto erorkorreko zuhamuxka edo zuhaitz txiki honek 3-10 metroko altuera izan ohi du, adar asko eta adarretan arantza gehiago. Azala arre/grisaxka dauka. Orriek palote-forma dute eta batzuetan erabat zatituak egon ohi dira, puntan hortzak dituelarik. Apiriletik maiatzera bitartean kolore zuriko eta pitin bat arrosako lore ugari, buruetan taldekatuak, ematen ditu. Fruitua txikia eta biribildua da, kolore gorrikoa. C bitaminan aberatsak diren bere fruituekin konfitura gozoa egiten da. Zuhaixka hori asko erabili izan da herri-medikuntzan. Baserrietan hesiak egiteko landatzen da.


Otea - Ulex gallii
Argoma, tojo

Guztiz arantzatsu eta adartsua den zuhaixka honek 0,5-2 metroko altuera izan ohi du. Ez dauka ageriko orririk. Adar gazteak ile finez beteta egoten dira. Uztailetik abendura loratzen da eta loreak horiak dira. Fruitua lekale txiki biribildua da. Otadi trinkoak eratzen ditu, sarri ginarra eta iratzeen ondoetan. U. europaeus espeziarekin (ote zuriarekin) nahas daiteke, oso antzekoak baitira biak. Espezie biak dira ugariak.


Otabera arrunta - Genista hispanica subsp. occidentalis
Aliaga

Kuxin itxurako mulu honek 10-50 cm-ko altuera izan ohi du, guztiz adartsua eta iletsua. Adarrak arantzez beteta egon ohi dira eta orriak, txikiak eta eliptikoak, urteko adarretan baino ez dira agertzen. Apiriletik uztailera loratzen da eta lore horiak adarren amaieran bilduta izaten ditu. Fruitua 9-15 milimetroko lekale eliptiko iletsua da. Inguru harritsuetan sastrakak eratzen ditu. Untzillatx eta Aitz-Txikiko maldetan aurki daiteke.


Txilar zuria - Erica arborea subsp. errioxarra
Brezo blanco

Orri iraunkorreko zuhamuxka honek 1-14 metroko altuera izan ohi du eta guztiz adartsua da. Orri txiki eta lineal asko izaten ditu adarretan. Apiriletik ekainera loratzen da eta loreak txikiak eta zurixkak dira, ezkila-formadunak eta matsalko trinkoak eratuta adarren ertzean. Iberiar mendietako landare endemikoa da. Saibi eta Urkiolagirreko agerruneetan eta pagadi bazterretan aurkitzen da. Oso antzeko den beste subespezie bat dago, Erica arborea subsp. arborea alegia (ginarra zuri zurikatxa), baina hau beheragoko inguru epelagoetan hazten da.


Ginarra burusoila - Erica vagans
Brezo común

Mulu honek 20-80 cm-ko altuera izan ohi du eta orri lineal txikiz betetako adar zabal asko izaten ditu. Uztailetik urrira arte loratzen da; loreak arrosak edo zurixkak izan ohi dira eta matsalko luzanga trinkoetan agertzen dira, gehienetan orri banaka batzuek gainditzen dizkielarik. Loreek korolatik irteten diren antera purpurak dituzte. Hauxe da Parkean ugarien dagoen ginarra.


Kuku-prakak - Digitalis purpurea
Dedalera, digital

Landare handi honek 50-150 cm-ko altuera izan ohi du, zurtoina ilez betea eta lantza-formako orri obalak, azpialdetik zurixkak, izaten ditu. Maiatzetik uztailera loratzen da eta kolore purpura-arrosako lore handiak, ezkila formakoak, matsalko luze eta trinkoetan hazten direnak, izaten ditu. Txakurzulo, Asuntze, Saibi eta Urkiolagirreko txilardi, otadi, ezponda eta agerruneetan agertzen da. Kuku-prakak digitoxina deritzon eta gihar-pizgarri bezala jokatzen duen substantzia bat dauka eta bihotzeko gaixotasunak tratatzeko erabili ohi da; hala ere, dosi handietan guztiz pozoitsua da.


2006 - 2007 © Abadiño Elizateko Udala - Eskubide guztiak erreserbatuta